LANEKO OSASUN ETA SEGURTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

70.000 biktima urtean, gaixotasunengatik eta lan istripuengatik

2025/04/30
Apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, ELAk ekitaldi bat egin du Bilboko Bizkaia Aretoan, lan istripuak eta lanbide gaixotasunak giza ikuspegitik aztertzeko. Horretarako, hiru langilek hitz egin zuten lehen pertsonan.

ELAk eta Bidelagun Fundazioak gogorarazi dute estatistiketan agertzen diren zenbakien atzean Jakes, Iratxe eta Sara bezalako pertsonen errealitatea ezkutatzen dela.

 

 Hiru pertsona horiek euren esperientzia gogorrak kontatu dituzte Bilbon, ELAren ehunka militanteren aurrean. Jakesek 2021. urtean lan istripu oso larri bat izan zuen Idiazabalgo (Gipuzkoa) Lau Lagun enpresan lanean ari zela. Orduan 35 urte zituen, eta hanka galdu zuen. Istripua hainbat faktoreren eraginez gertatu zen: langilearen formazio falta prebentzio gaietan, laneko prozedura desegokia eta enpresak aurrez antzeman ez zuen laneko ekipoaren akats elektronikoa, besteak beste.

Sarak Burlatako (Nafarroa) Mercadonaren dendan egiten du lan. Bere dendako koordinatzailearekin arazo ugari izan zituen: Laneko ikuskariak errekonozitu zuen egoera hostila eta humiliagarria bizi zutela koordinatzailearen partetik eta eurekiko ekintza laidogarriak eta larderiazkoak zituela, euren erresistentzia psikologikoa gutxitze aldera. Honen aurrean neurriak hartu ez izanagatik isuna jarri zitzaion enpresari.

Iratxek 2015 urtean istripu bat izan zuen Leroy Merlin enpresan lan egiten zuela. Eskuzko traspaleta batekin zama eta altuera handiko karga bat mugitzen ari zela izan zuen istripua eta belaunean lesio larriak eragin zizkion. Garrantzitsua da aipatzea lan horren arriskuen ebaluaketa ez zegoela eginda; beste modu batera esanda: lanpostuaren arriskuen ebaluaketak ez zuen ez lana bera, ez istripua izan zuen tokia ezta arriskua bera ere aurreikusten. Horri gehitu behar zaio langilea bakarrik lanean ari zela aurrez zehaztu gabe zegoen lan bat egiten.

Kasu hauek Bidelagun Fundazioak defendatu ditu.